EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik batera bozkatu zuten talde bakoitzak aurrekotuak moldatzeko egindako proposamenen alde atzo Iruñeko osoko bilkuran. EH Bilduk milioi erdi euro pobrezia energetikoaren aurkako laguntzetara bideratzeko aldaketa gehitu du. Uriaren 17an aurkeztutako Larrialdi Planean jasotako neurria da, eta lehentasunezko bi laguntza-ildo aurreikusten ditu, Eva Aranguren zinegotziak azaldu duenez: lehenengoa, egoera ahulean dauden familientzat, eta, bigarrena, gasoliozko berokuntza zentrala duten erkidegoentzat.
PSNk, berriz, bi zuzenketa aurkeztu ditu, emakumeentzako gune beltz diren tokietan argiztapena hobetzeko eta Eskualdeko Hiri Garraioaren abiadura hobetzeko. Geroa Baik, bestalde, 100.000 euroko zuzenketa aurkeztu du, Nafarroako hiriburuko bidegorrien mantentze eta segurtasuna hobetzeko.
Bestalde, Sanduzelai auzoko bizilagunek biribilgunerako irtenbide bat eskatu zioten udalari atzo, osoko bilkuran. Ideia lehiaketa bat abian jartzeko ekimena onartu zuen oposizioak; Navarra Sumak aurka bozkatu zuen.
Bosgarren gaitzespena, Maiarentzat
Osoko bilkuran bakarrik geratu zen beste behin eskuina. Eta, gainera, beste bi gaitzespen pilatuta. Enrique Maya alkatea bosgarrenez gaitzetsi dute, udalak tratu ezegokia emateagatik udaltzain biri, Santamariaren garaian. Javier Labairu zinegotzia, berriz, isuna eta garabia ez ordaintzeagatik gaitzetsi dute.