Nieves Biurrarena (Saray): “Itxaron zerrendak oso luzeak dira, eta esperoan burua jaten dizu beldurrak”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urr. 19a, 11:55

Bularreko minbizia artatzeko jarraipen protokoloak betetzen ez direla salatu du Saray elkarteak. Bularreko minbiziari aurre egiteko nazioarteko eguna da gaur.

Beldurrarekin lotzen du Nieves Biurrarenak gaitza. Duela 14 urte aurkitu zioten, eta Saray elkarteko kidea da egun. Diagnostikatu berrien kasuan ezberdina da egoera. Behin hasierako fasea amaituta, gaitza luzatzen hasten denean sumatzen dituzte osasun sistemak dituen gabeziak. “Itxarote zerrendak oso luzeak dira, mamografiak egiteko edota eskanerrak egiteko. Horrek beldurra eragiten du”. Biurrarenak ez du inoiz arazorik izan, baina gertutik ezagutzen ditu bost hilabetez itxaron behar izan duten emakumeak. “Minbizia duenak nerbioak dantzari ditu une horietan”, azaldu du. “Behin minbizia duzula jakitean, beldurra da buruan geratzen zaizuna. Medikua zurekin lanean hasten denean, gutxitzen da, indarrak minbiziari aurre egiteko bideratzen ari zarela dakizulako. Baina etxean esperoan bazaude, burua jaten dizu beldurrak. Oso nekagarria da”.

Zaintza eta arta integrala eskatu du beste behin Saray elkarteak, bularreko minbiziaren nazioarteko egunean. Zentzu zabalenean, eta minbizia honek dituen berezitasunak kontuan hartuta. “Minbizia guztiak dira inportanteak,  baina bularrekoaren kasuan gehienak emakumeak gara”, azaldu du. Alor fisiko, sozial eta sexualean eragiten die gaitzak. “Baina gauza horiek atzenduak daude, ez zaie inportantziarik ematen”, uste du Biurrarenak.

Urtean, 400 kasu inguru atzematen dira, Nafarroan. Zifra “kezkagarria” dela diote, eta gaitzaren inguruan gehiago ezagutzeko ikerketa ezinbestekoa dela. Hori bultzatzeko “aletxo txiki” bat jartzen ahalegintzen direla azaldu du Biurrarenak.  

Aurre egiteko Sarayren "aletxoa"

Gaur nazioarteko eguna dela-eta informazio mahaiak jarriko dituzte, Iruñeko hainbat puntutan. Parlamentuan ekitaldi instituzionala eginen dute, eguerdian; eta ilunabarrean ganbera eta Iruñeko udaletxea arrosaz argiztatuko dituzte. Urriaren 30ean Bularreko Minbiziaren aurkako XI. Lasterketa Solidarioa eginen dute, Iruñean. 10.000 dortsal jarri dituzte salgai, eta erdia saldu du dagoeneko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!