Kaleratzeez hitz egiteko bilduko dira gaur Siemens eta sindikatuak

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 13a, 10:53

Siemens Gamesako langileek 2020an egindako itxialdia.

Siemens Gamesako enplegu mahaia bilduko da gaur, Zamudion (Bizkaia). 

Bi aste dira Siemens Gamesak 'Mistral' programa estrategikoaren baitan kaleratzeak eginen dituela iragarri zuela. Geroztik ezinegona da nagusi Nafarroako lantegietan, hemen zenbat kaleratze izanen diren ez baita ezagutzen. “Ezin duzue imajinatu zer nolako inpaktua duen honek langileentzat, mehatxu etengabean bizi dira. Oso gogorra da”, adierazi zuen ELAko Puy Ramirez ordezkariak, urriaren 5ean.

Egun bat lehenago enpresak bilera telematiko bat egin zuen CCOO, UGT eta ELA sindikatuekin, eta xehetasun batzuk eman zituen. Munduan, 2.900 lanpostu suntsituko dituzte. Espainia osoan, eta hor kokatzen dute Nafarroa, 475. Horietatik 80 berrituko ez diren behin-behineko langileak dira, 43 txandakatze naturaleko lanpostuak dira, hau da “denborarekin desagertuz" joanen direnak; eta 352, bulegoetako kaleratzeak.

Ia ehuneko ehunean bulegoetako langileak dira Nafarroan jarduten direnak, enpresak azpen 10 urteetan, herrialdean zituen zazpi ekoizpen lantegiak itxi dituelako. Azkena, Agoizkoa, 2020an. Mobilizazio luze batzuen ondoren 239 langile kaleratu zituzten. “Industria plan sendo bat nahi dugu, benetan gure etorkizuna bermatuko duena. Ez dugu nahi hemendik bi urtera antzeko prozesu batean egon”, zehaztu du Ramirezek.

Gaur bilduko dira berriro enpresarekin, Zamudion (Bizkaia),15:00etan. Sindikatuek, hala ere, gaur ez dute gaur xehetasun gehiegirik espero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!