Hilabeteko lehenengo osteguna da gaur, eta Iruñeko udaletxean osoko bilkuran bilduko dira zinegotziak, 16:30ean. Beste behin bi talde irudikatuko ditu bilkurak. Oposizioa bat eginda, batetik; bestetik, Navarra Sumaren gobernu taldea, gehiengorik gabe, bakarrik. Horrek ahalbidetuko du, besteak beste, datorren urteko ordenantza fiskalak aldatzea.
Oposizioak sei zuzenketa adostu ditu. Besteak beste, tasa progresiboa gehituko dute aparkatzeko egoiliarren txarteletan edota hiru etxebizitza eduki eta bat hutsik dutenentzako zergak ezarriko dituzte. Diru bilketan eragin baino, hirian bizi den etxebizitza arazoari aurre egin nahi dio oposizioak, etxebizitza horiek alokairu sozialera bideratuz.