Oihan Ataun (LAB): “Finantza ingeniaritza ariketa baten aurrean egon gaitezke”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ira. 14a, 07:57

Navarra Sin Fronteras enpresaren itxiera salatzeko elkarretaratzea egin du LABek, langileekin batera. Langile guztien lanpostuak bermatzeko eskatu dio sindikatuak Nafarroako Gobernuari.

Albistearekin “harrituta” daude LAB sindikatuko ordezkariak. Azken bi urteetan 400.000 euroko diru galera izan dutela aipatu die Navarra Sin Fronteras erakundea kudeatzen duen enpresak, eta aurten 500.000 eurokoak aurreikusten dituztela. Egoeraren aurrean erabaki “irmoa” hartu du enpresak: jarduera etengo dute. Hainbat galdera sortu zaizkio, ordea, LAB sindikatuari: “Zergatik ez ziguten egoeraz ohartarazi? Zergatik ez dute neurririk hartu egoera bideratzeko?”.

Atzo elkarretaratzea egin zuten langileek, hain zuzen, bideragarritasun plan bat eskatu eta enpleguak suntsitu ez daitezela eskatzeko. Enpresaren kontu ekonomikoak aztertuko ditu sindikatuak. Aurkituko dutenaren hipotesi bat dutela azaldu du Euskalerria Irratian Oihan Ataun eremu sozio-sanitarioko arduradunak: “Progresiboki desegin dute aktibitatea egoera honetara iritsi arte”.

Zailtasun-egoeran dauden pertsonen gizarteratze integrala helburu, hamabi arreta programatik gora kudeatu ditu. Gobernuak gizarte zerbitzuak bermatuko dituela ziurtatu du, baina LAB sindikatuak ohartarazi du “plantillaren zati bat ez dagoela pleguetara atxikita”. 129 lagunek egiten dute lan Navarra Sin Fronteras-en.

Egoerak gizarte-zerbitzuak publiko egitearen beharra utzi du agerian sindikatu abertzalearen aburuz: “Funtsezko gizarte-zerbitzuen kudeaketa pribatizatuz, horrelako egoerak gertatzea errazten da”.

Argazkia: LAB sindikatua

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!