Garbiñe Bueno (EH Bildu): “Azalpenak eskatzen jarraituko dugu, oso larria baita udal baliabideak alderdi baten mesedetan erabiltzea”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko uzt. 22a, 09:46

Udal ondasunen erabilera aztertzeko batzordea geldiarazi du Enrique Maiaren taldeak. Duela bi hilabete onartu zuten eratzea oposizioko taldeek, eta eskuineko hirukoa ez da hura martxan jartzeko epeak betetzen ari. Erantzukizun politikoak eskatuko ditu EH Bilduk.

Navarra Suma koaliziorako txosten bat udal baliabideekin eta lan ordutegian egin zutela salatu zuen apirilean EH Bilduk. Metadatuak aztertuz aurkitu zuten ustezko kasua, atzerapenak susmorik txarrenak berresten ditu Garbiñe Bueno zinegotziaren ustez.

Gobernu Estrategikoaz arduratzen den Ana Elizalde alkateordearen sailak hamar egun balioduneko epea izan du batzordea eratzeko beharrezkoak diren hiru txostenak aurkezteko – juridikoa, teknikoa eta genero-eraginari buruzkoa –. Epea igaro da, eta dokumenturik ez dute entregatu. Lau aldiz eskatu dute informazioa, gehienetan ez dute erantzunik jaso, eta atzerapena euskarazko itzulpen batengatik eman dela argudiatu diete.

Bere jardun eremutik kanpo, udaleko zerbitzu juridikoen arduradunak Navarra Suma koaliziorako lanak egin ote zituen aztertzea izanen du xede Batzorde Bereziak. Udal gehiengoak, oposizioak, jarri du abian, apirilean EH Bilduk ezagutzera emandako ustezko kasu baten ondotik. Zabaldu zutenez, eskuineko hirukoaren konfiantzazko kargu horrek 30 ordu baino gehiago eman zituen udaletxeko ordenagailu ofizialetik eta lan-ordutegian Navarra Sumak Imarkoaingo hondakin-plantaren aurka aurkeztutako txostena egiten. Atzerapenagatik ere, azalpenak eskatzen jarraituko dutela azaldu du Buenok.

Oposizioari aurka egiten ari zaio atzerapenarekin Navarra Suma. Baina ez gai horretan bakarrik. Labriteko zaldaina konpontzeko diru gehiago bideratzea onartu zuen NA+k sanferminen bezperan, oposizioari aurka eginez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!