Iruñeko liburuaren azokaren lekukoa hartu du Nafarroako liburuaren azokak. Nafarroako hamabost liburu dendek hartuko dute parte, Iruñeko, Tuterako eta Eguesibarko denden postuak izanen dira, Iruñeko Gazteluko plazan.
Goizeko 10:30ean ireki ditu ateak azokak eta eguerdian, Nafarroako Idazleen Elkarteak omenaldia egin dio Fernando L. Chivite idazleari. Ekainaren 5era bitartean egingo da, baina, eta tartean berrogeita hamar jarduera baino gehiago izango dira, Iruñean eta hiritik kanpo. Literatur topaketa ziklo bat egingo da, esaterako, Zarrakaztelu, Doneztebe, Andosilla, Tafalla, Irunberri, Mendabia, Erronkari, Kaseda, Lesaka eta Garesko liburutegietan.
Nafarroatik kanpoko idazle ezagunak igaroko dira Gazteluko Plazatik, Kirmen Uribe (La vida anterior de los delfines) eta Camille Vannier (Sexo de mierda), esaterako. Baita nazioarteko idazleak ere: Nell Leyshon (La escuela de canto) britainiarra eta Florencia del Campo argentinarra (Las casas se caen en en verano), kasu.
Bertako autoreek ere hartuko dute parte. Jokin Azketa (La vida en la punta de los dedos), Laura Chivite (Gente que fíe), Joseba Eceolaza (ETA, la memoria de los detalles), Germán Sánchez Espeso (Niñez, dulce verano), Fermín Ezkieta (Los fugados del fuerte de Ezkaba) eta Itziar Ancín (Como boca de pez pregunta) idazleek egindako azken lanak aurkeztuko dituzte.
Nafarroako II. Liburu Azokaren eguneko ordutegia 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da.