Gobernuaren onespenarekin energia enpresek eragindako erasoa jasaten ari da Nafarroa Eguzki eta haize energia ekoizteko azpiegitura proiektu erraldoien aurkako plataformak biltzen dituen plataformaren iritziz. Hamarnaka adibide daudela azaldu du Iosu Alfaro plataformako kideak: “Ehundik gora mega-proiektu daude: haize-parkeak, fotovoltaikoak, makroetxaldeak, meatzeak, goi tentsioko sare elektrikoen autopistak, abiadura handiko tren lineak...”
Horiek guztiek xede bakarra dutela azaldu dute, krisi energetiko eta klimatikoaz baliatu negozio berriak egiteko, herriak eta natur ondasunak okupatuz. Administrazioak erantzukizun garbia du elkarteko kideen iritziz, horretatik prozedura guztiak eten eta bestelako eredu baten alde egin dezala eskatuko diote.
Anue, Itzako Zendea, Oltzako Zendea, Etxauri, Eguesibar, Esteribar, Erroibar, Ezkabarte, Txulapain, Leotz, Lizoain-Arriasgoiti, Odieta, Olaibar, Urbasa-Andia eta Izarbeibar eskualdeetako herritarrek egin dute deialdia. Horiek dira zuzenki kaltetuta daudenak, baina hiritarrei ere eraginen die, ohartarazi dute. Manifestazioa larunbatean izanen da, 18:00etan, Iruñeko Gaztelu plazan.