Iruzurra konpondu ostean, martxan da berriro Sanferminetako kartel iragarlea hautatzeko prozesua

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 6a, 07:32

Gaur amaituko da botoa emateko epea eta astelehenean iragarriko dute irabazlea.

Asteazkenean eten zuen Iruñeko Udalak Sanferminetako afixa iragarlea hautatzeko herri parte-hartze prozesua, asteburuan eta asteazkenean bertan "ordutegi zehatzean" kartel beraren aldeko hainbat boto pilatu ostean, eta horrek Udal webguneak kudeatzen dituen ANIMSA enpresa publikoko teknikarien susmoa piztu ostean. 

Bada, Iruñeko Udaltzaingoak ostegun goizean abiatutako ikerketak iruzur zantzuak baieztatu ditu. Txostenak jasotzen duenez, boto susmagarrien artean miaketa bat egin ostean ia kasu guztietan egiaztatu dute ustez botoa eman zuten NANen titularrek ez zutela benetan parte hartu hautaketan, baizik eta hirugarren batek bere izena eta NANa bereganatu zituen botoa emateko, betiere kartel jakin bati babesa emateko.

Udalak boto horiek kendu ditu eta astezkenean 15.00etan "behin-behinean" eten zuenez hautaketa prozesua, gaur ordu berean berrirekiko dute gauerdia arte. Hori dela eta, astelehenean iragarriko dute irabazlea. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!