Aurtengo Sanferminak iragarriko dituen kartela ezagutzera eman behar zuten gaur. Baina behin-behinean eten du prozesua Iruñeko Udalak, internet bidezko bozketan sumatutako ustezko "iruzurrarengatik". Udalak salaketa bat jarri du Udaltzaingoaren aurrean, eta Udaltzaingoak ikerketa hasi du dagoeneko, ustezko iruzur hori berresteko.
ANIMSA enpresa publikoak, udalaren webgunearen mantentze informatikoaren arduradunak, kartel baten aldeko ezohiko boto-kontzentrazioa antzeman du azken egunetako ordu-tarte jakin batzuetan.
Udalak jakinarazi du apirilaren 25ean kartelaren bozketa prozesua hasi zenetik !ANIMSAk datuen ikuskapenak! egin dituela "sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko". Ikuskapen horietan, larunbata eta igandeko 20:00etatik 23:30era bitartean emandako "boto guztien % 90 lortu zuen kartel bat dagoela" atzeman dute. Larunbatean, ordutegi berean, "146 bozketa izan ziren osotara, eta horietatik 132 kartel berera joan ziren"; igandean, 20:00etatik 23:30era emandako 114 botoetatik "94 boto kartel berera" joan zirela ziurtatu du ohar bidez Iruñeko Udalak.
Iruzurraren susmoa beste gertakari batek indartu du gainera. Egoera gaur goizean, 13:00etatik 13:30era errepikatzeaz gain "kartel horren aldeko ezohiko boto-kontzentrazio batekin", hautagai berari emandako botoek badute ezaugarri komun bat: "hautesleek gehien-gehienetan, ez dute osatzen erregistroko bigarren abizena". Udalak argitu du, datua hautazkoa dela baina susmagarriak ez diren botoak eman dituztenek, gehienetan, bete egin dutela.