Bihar eztabaidatuko dute Iruñeko Udalean Navarra Sumak "alderdiaren interesetarako" udal baliabideez eginiko erabilera aztertuko duen batzordea sortzea. Aurreko astean salatu zuen hiriburuko EH Bilduk kasua eta gaur gogoeta berria plazaratu du sare sozialetan Joseba Asiron bozeramaileak.
Bertan zehaztu du "atzokoan Maia alkateak baieztatu zuela" EH Bilduk salatutako praktika hori eta zalantzan jarri du "alkateak egoeraren larritasuna ezagutzea". Joseba Asironek azpimarratu du "betebehar gisa independentzia, inpartzialtasuna eta erakundearekiko leialtasuna dituen funtzionario publiko bat erabiltzea alderdi baten interesen aldeko lanak egiteko gaitzesgarria" dela.
Honekin batera, "etika falta" leporatu die Gonzalo Perez Remondegi txostenaren egileari eta Navarra Sumari, udal baliabideekin eta lan orduetan eginiko lan hori, "Mankomunitatearen aurka erabiltzeagatik". Eta gaineratu du "txosten hori egin bitartean" Remondegik "zinegotzi baten anaiaren bulegoari kontratuak eman zizkiola denborarik ez zuela argudiatuta", eta hori "delitua izatetik gertu" dagoela".
Abertzaleen koalizioaren bozeramaileak salatu du Navarra Sumak Udaletxea "bere txokoa bilakatu" nahi duela eta horren aurka ez agertzeak, oposizioko kideak "konplize" bilakatuko lituzkeela.