EH Bilduk Juan Jose Etxeberriaren (NA+) dimisioa eskatu du

Euskalerria Irratia 2022ko api. 29a, 13:56

Haren dimisioarekin batera Udaleko Zerbitzu Juridikoen buruaren dimisioa ere eskatu du koalizioak. 

Iruñeko EH Bilduk salatu du Navarra Sumak diru publikuz ordaindutako baliabideak erabili dituela "alderdiaren interesen aldeko lanak egiteko". Zehazki ezkerreko koalizioak adierazi du Juan Jose Etxeberria zinegotziak Iruñerriko Mankomunitatean aurkeztu zuen txostena Gonzalo Perez Remondegi Udal Zerbitzu Juridikoen buruak osatu zuela, "Udaleko ordenagailuarekin eta lan orduetan".

Horregatik Etxeberria eta Perez Remondegiren dimisioa eskatu du EH Bilduk eta honekin batera galdetu dio Enrique Maia alkateari gaia ezagutzen ote zuen eta baiezkoa izatekotan ere dimititzeko.

30 lan ordu eman omen zituen Perez Remondegik Mankomunitatearen Ingurumen Zentroaren proiektuaren aurkako alegazioak biltzen zituen txostena idazten, zehazki martxoaren 21an hasi zen, eta gero hilaren 30ean Etxeberriak Mankomunitatearen bilkuran aurkeztu zuen, hark sinatuta alderdiaren izenean. Susmoa berresteko "peritu txostena eskatu zuen Aritz Ayesak", Iruñerriko Mankomunitatearen bozeramaileak eta hori bera aurkeztu dute gaur, baita fitxategiaren metadatuak ere, zeintzuek txostenaren propietateetan argi uzten duten egilea Gonzalo Perez Remondegi izan zela. EH Bilduko bozeramaileak, Joseba Asironek, kritikatu du "Zerbitzu Juridikoen buruak Navarra Sumaren aholkulari gisa" jarduten duela.

Gertakaria ikusita EH Bilduk ez du baztertzen praktika hau ohikoa izatea Udal Gobernua osatzen duen alderdiarengan eta horregatik ikerketa batzordea osatzeko eskaera berretsi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!