‘Ur-marka’ liburua aurkeztuko du gaur Rikardo Arregik Katakraken

Euskalerria Irratia 2022ko api. 12a, 07:43

Rikardo Arregi DIaz de Heredia (Argazkia: Ahotsak)

Veneziari buruzko saiakera bat da, Joseph Brodskyk idatzia eta Arregi Diaz de Herediak euskaratua

Rikardo Arregi Diaz de Herediak Ur-marka liburua aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Kale Nagusiko Katakrak liburu-dendan. Aurkeezpenean Angel Erro poeta burlatarra izanen du lagun. Veneziari buruzko saiakera bat da, Joseph Brodskyk idatzia, Arregi Diaz de Herediak berak itzulia, eta Katakrak argitaletxeak plazaratua.

«Egia da Veneziarekin zerikusia zuten liburu asko irakurriak nituela, baina Brodskyrena bestelakoa zen, oso bestelakoa; ez, noski, gida liburu bat, ez turistak bisitatzen ez dituzten leku bereziak bisitatzea gomendatzen duen horietakoa, ezta bidaia liburua ere. Zalantza egiten dut Venezia bera den liburu honen gai nagusia; Venezia aitzakiatzat harturik, Brodsky, denborari buruz eta urari buruz (sinonimoak berarentzat, azken buruan) hausnarketan aritzean, saiatzen da azaltzen nola denbora eta ura gauzatu diren Venezia deituriko leku batean, edo nola Venezian denbora bera ikusgai bilakatu den, begiratu ahal dugun fenomenoa”, azaldu du Arregi Diaz de Herediak.

«Poetak Veneziara egindako lehen bidaian, 1972an, idatzitako Laguna izeneko olerkian dagoeneko agertzen dira, garatu gabe, edo senaz iragarrita, ia hogei urte beranduago Ur-markak saiakera honetan jorratuko diren hainbat irudi eta intuizio. Gauza bera gertatzen da 1982ko Veneziar ahapaldiak poema parearekin. Batek irudipena izan dezake hiriak poetarengan utzitako lehen zirrara haiek baieztatu eta haietan sakontzeko saiakerak baino ez direla hurrengo bisita guztiak, bere buruari (edo bere irakurleei) guztiz argitu arte metafora bakoitzaren atzean zer ezkutatzen den”, dio Angel Erro poetak liburuaren hitzaurrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!