Irrizikloak, Iruñeko Udalak antolaturiko euskarazko antzerki zikloak gaur eskainiko du denboraldi honetako azken ikuskizuna: Lehendakarigaia. Antzezlana 19:00etan taularatuko dute, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 5 euroan dira salgai.
Komedia hau Ramon Mandaulak idatzia da, Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendu du, eta bi protagonista ditu: Iker Galartzak lehendakarigaiarena egiten du, eta Zuhaitz Gurrutxagak hura artatuko duen psikiatrarena.
Atzezlanak kontatzen duen istorioak egoera bitxi bat du abiapuntu: lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldia eta hitzaldia eman beharrak aurpegian tik arraro, barregarri eta aguanta ezina eragin dio hautetsiari. Inbestidura saioa arriskuan dago. Arazoa bideratzeko psikiatra baten laguntza izanen du. Bien artean berriketaldi dibertigarri eta nahasgarri bat sortuko da: zer du bakoitzak ezkutatzeko? Zein dira bakoitzaren benetako motibazioak? Atzera begiratuta, bizitzan zerk ekarri ditu dauden lekura? Eta, batez ere, bata zein bestea, euren eginkizunetan bokaziodunak al dira?