Idoia Granizo (BertxHori): “Ikasle giro euskaldun eta bertsozaleari plaza bat ireki diogu”

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 10a, 10:15

Bertx(h)ori bertso txapelketa abiatuko da gaur, Matalazen. Xabat Ilarregi-Eukene de los Aires, Beñat Astiz-Beñat Bilbao eta Ekain Alegre-Maddi Agirre bikoteak ariko dira bertsotan.

Hutsune eta eskari bati erantzun nahi dio Bertx(h)ori txapelketak. “Ikusi genuen Iruñeko ikasle giro euskaldun eta bertsozalean bazegoela demanda saioak antolatzeko eta esparru horretan saioak egon zitezen. Hori eskaini nahi izan dugu”, azaldu du Idoia Granizo egitasmoko kideak. NUPen sortutako bertso eskola izan da txapelketaren hazia: “Aurten taldetxo bat sortu da NUPen bertsotan aritzeko. Haietako asko hasi berriak dira, aurten hasi dira eta horiei ere eskaini zitzaien eroso egoteko moduko esparru bat”.

Bikoteka ariko dira txapelketan, eta hiru finalerdi eta final bat eginen dituzte. Gaur izanen da lehenengo saioa, Matalaz gazte gunean. Xabat Ilarregi-Eukene de los Aires, Beñat Astiz-Beñat Bilbao eta Ekain Alegre-Maddi Agirre ariko dira bertsotan, Jone Rubiok ezarritako gaien inguruan.

Hurrengoak Aintzina eta Monton tabernan izanen dira. Ostegunetan eginen dituzte saioak, guztiak 19:00etan. Saio bakoitzean hiru bikote ariko dira, eta bat sailkatuko da finalera. Martxoaren 31n ezagutuko dira txapeldunak. Finala non izanen den momentuz ez dute argitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!