Adingabeen egoitzetatik bost hezitzaile kaleratu dituzte

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko otsailaren 15a

Xilema Fundazioak kudeatzen dituen adingabeen oinarrizko egoitzetatik bost langile kaleratu dituztela salatu du LAB sindikatuak. Oihan Ataun eremu sozio-sanitarioko arduradunarekin mintzatu da irratia: "Nafarroako Gobernuak du ardura nagusia, eta erakusten ari da ez dela adingabeez eta langileez arduratzen".

Xilema Fundazioak kudeatzen ditu Nafarroan adingabeen egoitzak. Profesionalen kopuruari dagokionez, plegua urria da; horretatik, pleguaren gainetik, arratsaldeetan bost hezitzaile laguntzaile gehitzea erabaki zuen enpresak. Arrazoi ekonomikoak argudiatuta, ordea, kaleratu berri ditu. Zerbitzuaren kalitatea murriztu dute, LAB sindikatuko Oihan Ataunen ustez: "Errebotez, jarraitzen duten gainerako taldekideei ordutegiak aldatzen zaizkie. Lankide hezitzaileek beren funtzioak eta lan-gainkarga areagotuko dituzte ",

Sindikatuak kritikatu duenez, Nafarroako Gobernuak "babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen arreta-zerbitzuetan kalitatezko arreta bermatu gabe jarraitzen du", eta "oraindik ez du pausorik eman adingabeentzako gizarte-zerbitzuen baimenei, homologazioei eta funtzionamenduari buruzko dekretua arautzeko. 1991koa da indarrean dagoena.

Atzo elkarretaratzea egin zuten Xilema Fundazioaren aurrean; baina, aldarrikapena harago eraman nahi dute. Erantzule nagusia gobernua dela uste du sindikatuak, horregatik langileekin harremanetan dira exekutiboaren aurrean erantzun bateratua emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!