Iosu Chuecak ‘2000 de Winnipeg’ liburua aurkeztuko du gaur Katakraken

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 25a, 12:16

2.000 de Winnipeg. Diario de a bordo liburua karrikaratu berri du Iosu Chueca historialari lerindarrak, Intxorta 1937 elkartearen eskutik. Horren aurkezpena 19:00etan eginen du gaur, hilaren 25ean, 19:00etan.

1939ko abuztuan, Winnipeg zama ontziak 1936ko altxamendu faxistak eragindako 2.500 errefuxiatu eraman zituen Bordeletik Valparaisora. Pablo Nerudak antolatu zuen bidaia. Poeta komunista ezagunak garaiotan Txileren kontsula zen.

Bidaiari gehienak komunista espainiarrak ziren. Nolanahi ere, EAJk ere parte hartu zuen antolakuntzan, eta hainbat euskal herritar komunista eta jelkidek egin zuten bidaia Winnipegen, tartean 20 bat nafarrek.

Bidaia egin zuten bitartean, egunero egunkari bat egin zuten itsasontzian, 2.000 de Winnipeg mantxetarekin. Idazmakina batekin egiten zuten, eta sei kopia zintzilikatzen zituzten, itsasontziko beste horrenbeste oholetan.

Egunkari horretako zenbaki guztien edizio faksimileak bildu ditu Chuecak bere liburuan. Horretaz gain, ontzian bidaiatu ziren errefuxiatuen zerrenda gaurkotu eta liburura ekarri du. 2.500dik gora dira.

Argazkia: Nabarralde

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!