Helburu politikoekin ari da Iruñeko alkatea diskurtso xenofoboa erabiltzen, Eduardo Santos migrazio politiken eta justizia kontseilariaren iritziz. Jokoz kanpo dagoen polemika dela uste du, baina Iruñeko alkateak horiek egitea larritzat jo du, eta iritzia ematea erabaki du.
Daturik gabe seinalatu ditu adingabe migranteak Enrique Maiak, Santosen ustez. Alkateak dituela dio, baina ez ditu erakutsi. Datuak publikoak direla ziurtatu du kontseilariak, eta horiek bestelako errealitate bat erakusten dutela.
Azaldu duenez, Nafarroan edota Espainiar estatuan jaiotakoen aurka jarritako salaketak migratzaileen aurkakoen hirukoitza baino gehiago dira. Hau da, lau salaketatik bat da migranteen aurkakoa. Segurtasunaren inguruko datuak ere eman ditu: behera egin du segurtasun ezak azken hiru urteetan Iruñean.
Diskurtso xenofoboek ondorioak dituela ekarri du gogora kontseilariak, ez direla doakoak herritar zaurgarrienentzat.