Urteko lehen eskola astea gaur amaituko da, eta Steilas sindikatuko Raul Lopezek aitortu du gogorra izaten ari dela irakasleentzat: "Nekatuta daude". Egoera luzatzen ari da guztientzat, eta zailduko dela dirudi. "Haur eta Lehen hezkuntzan oposizio berri bat izanen da aurten eta horrek tentsioa areagotuko du", ohartarazi du Lopezek. Baja asko aurreikusten ditu Steilas sindikatuak.
Egun, oro har, bajak izapidetzeko zailtasunak dituzte, gainera. "Atzerapenak gertatzen ari dira, eta irakasle asko falta dira ikastetxeetan", azaldu du. Zenbaitetan ordezkatu gabe gertu dira irakasleak eta zaintzak egiteko zailtasunak dituzte.
Javier Remirez kontseilariak, aldiz, aste honetan hezkuntzako protokoloaren alde egin du. Funtzionatzen duela esan du, eta horren erakusle dela ez zegoela une horretan ikasgelarik konfinaturik. Atzo isolatu zuten lehenengoa, Iruritan. Steilasek bat egin du aurrez aurrekoaren beharrarekin, baina baliabideak galdegin ditu. Egoera aurreikus zitekeela salatu dute, inprobisatzen ari direla: "Ematen du ustekabean gertatzen direla olatuak. Giza baliabideak dira garrantzitsuenak, horrek huts egiten dugunean denak egiten du huts".
Ituna betetzen ari ez direla ekarri du ere gogora Lopezek: "Hori eginen balute, ratioak txikiagoak lirateke eta kontratuak luzeagoak".