Pagadi: “Sanduzelairekin txundituta geratu gara ‘Herri txiki’ grabatzerakoan”

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 13a, 13:58

ETBko Herri txiki, infernu handi saioaren atal bat grabatzen ari dira Iruñeko Sanduzelai auzoan. Auzotarren elkarrizketak asteartean grabatu zituzten, eta horiek pantailaratuz eta Sebastian Lizasoren bertsoekin osatzen duten ikuskizuna ostegunean, hilak 20, grabatuko dute, Sanduzelaiko Iparralde institutuan. Gonbidapenak auzoko Payvi tabernan eskura daitezke.

“Sanduzelairekin nahiko txundituta geratu gara. Oso gustura gelditu gara”. Hala mintzatu da Mikel Pagadizabal Pagadi gidoigile eta aurkezlea Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioko mikrofonoetan. Auzoa apenas ezagutzen zuela aitortu du: “Ehun aldiz pasa naiz Sanduzelaitik, Iruñera sartzeko hortik pasatzen bainaiz beti, baina ez nekien nola deitzen zen ere”. Gauzak horrela, lehenik eta behin auzoa mapan kokatzen saiatu dira: “Elkarrizketa informatiboak egin ditugu, ze auzo den eta nolakoa den azaltzeko”.

Horretaz gain, auzotarren aldarrikapenak ere bildu dituzte:  “azaldu digute zenbat trafiko pasatzen den, zer eskatzen duten hori hobetzeko...”. Nolanahi ere, bestelako gaiak ere jorratu dituzte, “auzoko dinamizatzaileak” elkarrizketatuz, eta “oso amodio istorio polita” ere bildu dute, “argentinar batek Sanduzelain bizi duena”.

Herri txiki, infernu handi Iruñerrira datorren hirugarren aldia da. Lehenik eta behin hiri osoari buruzko saio berezi bat egin zuten, eta horren ondotik Txantrea auzoaren ingurukoa. “Iruñerrira beti gatoz gustura”, esan du Pagadik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!