Bizikleta elektrikoak alokatzeko udal zerbitzuaren tarifak aldatu zituen atzokoan Iruñeak, fakturazio-tarteak kenduta eta minutuka kobratzen hasita. Zerbitzua abenduaren 14an martxan jarri zen eta jasotako kexa ugarien ondoren egokitu behar izan dute fakturazio sistema. Besteak beste, lehen 20 minutuak doakoak izango dira. Iruñeko Udaletik adierazi dute modu honetan "zerbitzua benetako erabilerara eta herritarren mugikortasun-beharretara egokitu" nahi dutela.
Esan bezala, gaurtik aurrera, minutuka kobratuko dute bizikleta elektrikoen erabilera, baina lehenengo 20 minutuek ez dute kosturik izango. Orain arte, fakturazioa ordu erdiko tarteetan egiten zen, 30 minutuka, minutuko prezioa aldatzen zelarik.
Honetaz gain desblokeatzeko edo bidaia hasteko tarifa bat ezarri dute, lehen doakoa zena. Horrela, erabiltzaileek askatze-tarifaren zenbatekoa eta egindako bidaia-minutuen kostu zehatza ordaindu beharko dute.
Desblokeatzeko tarifa hori 0,70 eurokoa izango da, eta 0,50koa murriztuko da hileko eta urteko harpidetza duten herritarrentzako. Bestalde, minutuaren prezioa, 21. minututik 30. minutura, 0,04 eurokoa izango da, eta 0,06 eurokoa, 31tik 60ra. Ordutik aurrera, minutu gehigarri bakoitzak 0,10 euroko kostua izango du.
Iruñeak, une honetan, bizikleta elektrikoentzako 26 estazio ditu martxan, eta Udalak iragarri du azkenean 42 izango direla.