Alokairuzko bizikleta-elektrikoen sare publikoa martxan da Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 14a, 12:45

Ezkerrean, Fermin Alonso Mugikortasun zinegotzia gaur estreinatutako sistema erabiltzen. Iturria: Iruñeko Udala

Iruñeko Udalak gaur mustu du hiriburuko bizikleta-elektrikoen sare berria eta martxan dira jada 240 ibilgailu eta horiek kargatzeko 26 gune. 

Iruñean gaur estreinatu dute alokairuzko bizikleta-elektriko publikoaren lehen sistema. Helburua da hiri osoan hedatutako 42 basetan banatutako 400 bizikleta herritarren eskura jartzea zerbitzua. Gaurtik aurrera 240 bizikleta-elektriko eta jasotzeko, aparkatzeko eta kargatzeko 26 estazio martxan dira, eta abenduan eta urtarrilean osatuko dira aurreikusitako kopuru osora iritsi arte. Horrela, "hiriko auzo guztiak lotuko dituen sarea" osatzeko  asmoa du Udalak.

Bizikleta elektrikoak eguneko 24 orduetan egonen dira eskuragarri, asteko 7 egunetan, sanferminetan edo eguraldi txarra dagoen egunetan izan ezik. Ibilgailuak erabiltzeko sisteman alta eman behar da, erabiltzaile-kontu bat sortuz Ride On Pamplona app-aren bidez edo www.rideonpamplona.com webgunean. Bi erabiltzaile-profil daude: noizbehinkakoak (erabileragatiko ordainketa-plana) edo abonatutakoak (hileko edo urteko harpidetza baten ordainketa).

Gutxienez 16 urte dituen eta sisteman erregistratu den edonork erabil ditzake bizikleta-elektriko berriak. 18 urtetik beherakoek, gainera, legezko arduradunak sinatutako baimena aurkeztu beharko dute. Txartel fisikoa zein birtuala (app-an eskuragarri dagoena) beharko da bizikleta hauek erabiltzeko.

Bi erabiltzaile profil mota planteatzen ditu Udalak. Abonatuek 15 euroko hileko kuota edo 40 euroko urteko ordainketa aukeratu ahal izango dute. Biek ala biek gainerako erabiltzaileek baino tarifa merkeagoak izango dituzte minutu bakoitzeko. Minutuko 2,5 zentimo ordainduko dituzte lehen ordu erdian, 4 zentimo minutuko bigarren ordu erdian, eta 10 zentimo minutu bakoitzeko, ordubete baino gehiago erabilita. Horrela, ordu erdiko bidaia 75 zentimo kostatuko zaie, eta ordubetera arte luzatzen badute, 1,20 euroko kostua izango du. Zerbitzua noizbehinka erabiltzen duten pertsonek, bestalde, 4 zentimokoa izango dute minutua lehen ordu erdian, 6 zentimokoa minutua hurrengo ordu erdian, eta 10 zentimokoa minutua 61. minututik aurrera. Horrela, ordu erdiko erabilera 1,20 euro kostatuko litzaieke, eta ordubetekoa bada, 1,8 euro.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!