Zer gertatu zen martxoaren 8an?
Pasa den martxoaren 8an kalera atera ginen, nazkatuta gaudela esateko. Eskatzen genuena zaintza sistema integral bat da, publikoa eta doakoa pertsona guztientzat, pertsona guztiok zainduak izateko eskubidea dugulako. Testuinguru horretan ekintza feminista bat egin genuen Nafarroa Garaiko parlamentuaren atean lau kide kateatu ziren.
Foruzainak oldartu zitzaizkigun, eta liskar horretan emakume lurrera bota zuten, atxilotu zuten eta barrura eman zuten. Ospitalera joan behar izan zuen eta oraindik egun horretako lesioak ditu. Orain 15 hilabeteko espetxe zigor eskaera batekin topatu gara.
Zein izanen da prozesu judiziala, noiz jakinen dugu eskaera hori berresten duten edo ez?
Oraindik ez dago datarik, baina bueno eskaera egina dago. Guretzat hori da larriena. Uste genuen horrelako ekimen baten ondoren edo guregana joko zutela gurekin hitz egitera. Baina argi geratu da zein den Maria Txibiteren gobernuaren jarrera: errepresioa.
Prozesu judizialaren atzean mugimendua kriminalizatzeko ahalegin bat dagoela salatu duzue.
Nafarroako mugimendu feminista ez da konformatzen instituzioetatik egiten dituzten neurriekin eta ogi apur horiekin. Aldaketa estrukturala izan behar da. Hori haiei ez zaie interesatzen, ez nahiago dute haien feminismo edo berdintasun instituzionalarekin jarraitu. Oztopatu egiten ditugu.
Egoera salatzeko protesta eginen duzue.
Bai, hori da. 17:30ean elkarretaratzea eginen dugu, parlamentuaren aurrean, talde feminista askoren atxikimenduarekin. Ondoren asanblada irekia dago, 18:00etan, Zabaldin, martxoaren 8ko eguna prestatzen hasteko.