A-25

Iratxe Alvarez: "Zer demontre egiten du UPNk A-25ko pankartaren atzean?"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko aza. 25a, 09:45

Emakumeek pairatzen duten indarkeria guztien aurka "amorruz oihukatzera" deitu du Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak. Manifestazioa antolatu dute. 20:00etan abiatuko da, Baluartetik. Plataformako kide Iratxe Alvarezekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

Indarkeria guztiak ikusgarri egin nahi ditu plataformak. Agerikoenak, eta izebergaren puntaren azpian direnak: sexuala, psikologikoa, ekonomikoa, bikarioa, medikua eta obstetrikoa, feminizidioak, trata, mutilazio genitala, ezkontza goiztiarra, ziberbullinga, sextinga, emakume migratzaile eta desgaitasunen bat dutenen aurkakoa, judiziala, instituzionala… Gora egin dute azken urtean indarkeria kasuek; hala, egoera nola kudeatu den ongi aztertu behar dela uste du plataformako kide Iratxe Alvarezek.

COVID-19aren pandemiak eta horren kudeaketak emakumeak era "latzagoan" kaltetu dituela ekarri du gogora: "Konfinatuta ginela ateratzean indarkeriaren gorakada izanen zela ohartarazi genuen, eta hala gertatu da". Isolaldiko datuak poztasunez jakinarazi izana salatu du: "Kontuan hartzekoak ziren, baina gerora, ez momentuan".

Erakundeak, neurriak ezartzerako orduan, "ardura gehien" dutenak direla esan du. "Gehiago ez diegu eskatzen, haien lana betetzea bakarrik", adierazi du. Plataformak "oso garrantzitsua" deritzo indarkeria sexistaren arazoa osotasunean hartzea, "transbertsala izatea". Horretarako, besteak beste, aurrekontu feministak, hezkidetza hezkuntza arlo guztietan, agente juridikoen eta arreta zerbitzuetako langileen formakuntza eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskatu dituzte.

Gaur Aske izateko, indarkeriarik gabeko bizitza orain! lelopean egien dute protesta. Hasiera, ohikoan ez bezala, Baluarte plazan izanen da, 20:00etan.

"UPNek argitu behar du indarkeriaren aurkako borrokan alde dagoen edo ez"

Sanferminak Berdintasunean taldearen eraso sexisten kontra garatutako protokoloaren aurka eta mugimendu feministaren aurka egin duela iritzita, Iruñeko Udaleko komunikazio arduradun Edurne Elioren gaitzespena eskatu du Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak. Herritarrekiko Gaietarako Batzordean eztabaidatu zuten gaia, asteartean. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik udaleko komunikazio arduraduna gaitzetsi dute; ez, ordea, Navarra Sumak. Gaur, baina, Iruñeko Udalak antolatutako elkarretaratzean talde denak izanen dira. "Nire galdera da: zer demontre egiten du UPNk pankartaren atzean, gero bere ekintzak ez direnean Iruñeko hiriak eta emakumeok merezi duguna? Errespetu bat merezi dugu", baloratu du Alvarezek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!