Iruñeko espetxean emakume bat hil dela salatu du Salhaketak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 11a, 09:47

Iruñeko espetxea, artxiboko irudian.

Astelehen goizaldean gertatu zen, eta erakundearen iritziz espetxearen esku-hartzea ez zen "espero zitekeen bezain arina" izan. Gobernuari guardiako medikua "presaz" ezar dezala eskatu dio. 

Salhaketa Nafarroa presoen aldeko elkarteak salatu duenez, astelehen goizaldean, azaroaren 8an, emakume bat hil zen Iruñeko kartzelako emakumeen moduluan. Antza denez, hildakoaren ziegako lagunak eman behar izan zion abisua kartzelari, ziegako interfonoaren bidez, gertatzen ari zenari buruz. Salhaketak dio espetxearen eta medikuen esku-hartzea ez zela izan "espero zitekeen bezain arina" horrelako egoera batean.

Erakundeak garrantzitsutzat jo du aipatzea heriotza hori Nafarroako Gobernuak Iruñeko kartzelaren osasun eskumena bere gain hartu eta bi hilabetera gertatu dela. Eta salatu du, hala ere, Iruñeko espetxeak guardiako medikurik gabe jarraitzen duela eguneko 24 orduetan. "Neurri hori guztiz beharrezkoa da presoen osasun-egoera espezifikoa kontuan hartzen bada", ohartarazi du. 

Horregatik, espetxeko heriotza berri horren aurrean, eta espetxe-osasuna bere gain hartu duela kontuan hartuta, Salhaketa Nafarroak Nafarroako Gobernuari eskatu dio "presaz" Iruñeko espetxean guardiako mediku bat ezar dezala, aurrez aurre, eguneko 24 orduetan. Era berean, funtzionamendu-protokoloak, zerbitzu medikoen jarduna eta abisu-protokoloak berrikusteko eta espetxeak zerbitzu medikoetara bideratzeko eskatzen da. "Azkenik, eta ezinbestean, Nafarroako Gobernuak premiazko arreta psikologikoa eskaini behar die Iruñeko espetxean preso dauden emakume guztiei, gertakari horri aurre egin ahal izateko", adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!