NUPeko errektoretzako kide batekin eta unibertsitateko hizkuntza plangintzako arduradunarekin bildu da NUP Euskaraz taldea. 2019an amaitu zen unibertsitateko euskara plana, eta prestatzen ari diren plangintza berria ezagutu zuten atzo ikasleek. Unibertsitateak euskarazko eskaintza handitzeko asmoa erakusten du zirriborroak, baina ez nahikotzat jo dute urratsa ikasleek, dituzten aldarrikapen zenbait ez dituelako aintzat hartzen.
Plangintzak ez du derrigortasunik ezarriko, hala hautazkoa izanen da departamentuentzat euskarazko kredituak handitzea edo ez. Euskara plana garatzearekin batera, hori da NUP euskaraz taldearen aldarri nagusienetako bat, baita unibertsitateko langileen kontratazioan euskara aintzat hartzea ere.
Egoera horrela, kanpaldiari eustea erabaki dute ikasleek. Gaur LABAko kideak, Iturramako irakasleak eta EHE taldeko kideekin solasaldiak antolatu dituzte. Larunbatean, berriz, manifestaziorako deia egin dute. 12:00etan hasiko da, Baratxurien plazan.