Bi borroka uztartu zaizkie txantrearrei. Irailaren 1an eremu urdina ezarri zuen Iruñeko Udalak auzoan, orain hiri osorako autokarabanentzako aparkaleku bat ezarri nahi du Navarra Sumaren udal gobernuak auzoan. "Sandwich bat osatu nahi dute gurekin", salatu du Albirak.
Ezkaba inguruan aurreikusten du Iruñeko Udalak aparkalekua, horrek aparkatzeko 200 leku gutxiago izatea eraginen du bizilagunentzat. Auzotarrek kritikatu dutenez, gainera, gunea ez da batere aproposa.
Kritikarik nagusiena, dena den, berriz ere galdeketarik egin ez izanaren ingurukoa da. Udalaren ezezkoaren aurrean, esaterako, eremu urdinari buruzko prozesu parte hartzailea haien kabuz eginen dute.
Apirilean Javier Labairu Herritarren Segurtasunerako zinegotzi delegatuak autokarabanak "pertsona batzuentzako pribilegiotzat" jo zituen, ez zuela merezi arazoari heltzea pandemia garaian, herritarrek ez zutela ulertuko. Orain zergatik egin ote duten galdetu diote, eta arazoari irtenbidea bilatzeko herritar eta merkatariekin elkarrizketak eginen ditu auzo ekimenak.