Nafarroako Parlamentuko Gizarte Eskubideen Batzordean agerraldia egin du Carmen Maeztu kontseilariak. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako egoitzetako gizarte-zentroetan jarduteko programaren memoria azaldu du. Txostenak dio egoitzetan izandako kutsatzeak kudeaketa txarraren ondorio izan direla. Baina, hori nabarmendu beharrean, kontseilariak azpimarratu du ez direla baliabideak eskas erabili.
Sindikatuak eta pentsionistak ez daude ados. Maeztu kontseilaria agerraldia egiten ari zen bitartean, Parlamentuaren atarian pentsionistek protesta egin dute, zehazki, LAB sindikatuak eta Oneka, Sasoia eta Pentsionistak Martxan taldeek.
Zahar etxeetan langile falta dagoela salatu dute, eta ratioak adostu behar direla eskatu. Hala, gaur egungo zahar etxeen eredua zalantzan jarri dute, eta doako eta kalitatezko zerbitzua nahi dute.
Pentsionistek, halaber, elkartasuna adierazi diote sindikatuak egoitzen sektorerako eskatzen ari diren lan hitzarmenari. Gaur manifestazioa eginen dute ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek, 18:00etan abiatuko da Ama Oblatas zentrotik.
Argazkia: Ahotsa.info