Txantrearrak haserre daude, ordainpeko aparkatze sistema "inposaketa" bat dela uste dutelako. Iragan astean manifestazio jendetsua egin zuten, aldarrikapen horiek guztiak kalera ateratzeko, baina udalak aurrera jarraitzen du, eta aurki hasiko da ordaintzen aparkatzeagatik: irailaren 1ean.
Bien bitartean, auzoan gaia borborka dago, Birjiñe Albira Txantrea auzo ekimeneko kideak azaldu duenez: "Momentu honetan auzoa piztuta dago, gai honetaz hitz egiten da kalean, bizilagunen arteko eklarizketetan... Egun batetik bestera kaleko marrak margotuta agertzen dira, koloreekin, txuriz, beltzez... auzo osoa udalari begira dago". Argazkian ikus daiteke nola margotu dituzten udalak jarritako marrak.
Bizilagunen iritziz, ez da behar bezala aztertu zeintzuk diren auzoaren ezaugarriak, arazoak eta premiak, eta eremu urdina auzo osoan ezarriko da, horren beharrik gabe. Trabak bakarrik ekarriko ditu, eta bereziki kaltegarria izango da merkatari eta tabernarientzat.
Kritikatzen dute udalak ez diola haren hitzari jaramonik egin; eta hain zuzen ere, auzo plataformatik lanean jarraitzen dute, udalak entzun diezaien. Helegiteak jartzen ari dira, eta berehala udala martxan jarriko denez, saiatuko dira alderdi guztiekin hitz egiten, haiekin hitz egin ez dutenekin ere.
Arartekoak Iruñeko Udalari eskatu dio parte hartze prozesu bat egin dezala, eta auzoan ere hori eskatzeko 4.389 sinadura jaso zituzten. Orain, plataformatik sinadurak jasotzen jarraitzen dute, sinatu ezin izan dutenentzat.
Irailaren atarian, ordainpeko aparkatze sistemaren aurka lanean jarraitzen dute, haien hitza entzunarazten saiatzen, eta udalari so; baina gauzak aldatu ezean, datorren asteazkenean parkimetroak martxan egongo dira.