Taldea lehenago sortu zuten, baina 1995eko martxoan jo zuten jendaurrean lehen aldiz, Altsasuko gaztetxe historikoan. Iaz bete zuen mende laurdena talde iruindarrak, eta hura ospatzeko bira abiatu zuten. Taldean ibilbidea errepasatzeko kontzertua izanen da gaurkoa ere.
Atzera begira bi maketa eta zazpi disko grabatu dituzte, ehunka izan dira egin dituzten kontzertuak, Euskal Herrian gehienak baina baita Kantabrian, Katalunian eta Madrilen ere. Tokian tokikoari lotuta dagoen taldea da, baina, Leihotikan; eta bertako eszenaz gozatzen ikasi dute bidean.
Aurrera begira, dagoeneko ari dira abesti berriak sortzen. Poliki, oreka galdu gabe. Oraindik erabaki gabe duten arren, datorren urtean kaleratu dezaketela aurreratu du Armendarizek.