Eremu ez-euskaldunean euskara baztertzea eta beste atzerriko hizkuntza zenbait gainetik jartzearekin ez dago ados alderdi morea, ez eta hizkuntzaren arabera herrialdea zatitzearekin. Hala ere, bataila horretan ez sartzea erabaki du Ahal Duguk, argudiatuz euskaldunak gutxiengoan direla gobernuan eta parlamentuan. Ezaugarri horrek baldintzatu du Santosen ustez, koalizio gobernua igaro den legegintzaldi erdian. PSNren politiketan Ahal Duguk eragina duela zehaztu du, baina ez nahiko luketen beste.
Ahal Duguko idazkari ohia da Eduardo Santos, Nafarroan. Apirilean Begoña Alfaro abokatu eta ekintzaileak aise irabazi zituen hauteskunde primarioak, eta alderdiko burua da, Eduardo Santosi lekukoa hartuta. Haren ildoa hartuko du orain alderdia, baina Santosek begi onez hartu du aldaketa.
Ez da azkenaldian alderdi morean izandako aldaketa bakarra. Pablo Iglesias ordezkatzeko batzarrean, Ione Belarra nafarra aukeratu zuten idazkari nagusi gisa. Kritikoago agertu da, baina, Santos azken honekin: hausnarketa egiteko momentua dela uste du eta azkarregi egin da haren aburuz batzarra. Dena den, Belarrak lan gogorra du aurrez aurre eta hoberena opa diola zehaztu du Santosek.