Navarra Sumak euskararekiko duen kontrako jarrera gaitzetsi du oposizioak, Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 15a, 13:37

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Navarra Suma salatu dute euskararen ordenantza behin eta berriz ez betetzeagatik. Udal fatxadan zintzilikatu zen zapi erraldoiari buruzko azken ebazpenaren berri izan ostean, euskararen aurkako "politika diskriminatzailea eta jazarpena" kritikatu dute taldeek.

Navarra Sumak euskararekiko duen jarrera gaitzetsi du Iruñeko Udaleko Presidentzia Batzordeak. Pasa den astean, Nafarroako Administrazioarekiko Epaitegiaren erabakiaren harira, EH Bilduk gaur adierazpena aurkeztu du udalean, 2020ko ez sanferminetan gobernu taldeak udaletxeko balkoitik eskegi zuen zapi gorri erraldoiean euskara, bigarren plano batean, atzerriko hizkuntzen pare azaltzen zela salatuz.

Los Viviremos leloa gaztelaniaz tamaina handian irakur zitekeen, Biziko ditugu euskarazkoa, ordea, bigarren mailan azaltzen zen, ingelerazko eta frantsesezko leloarekin batera.

Navarra Sumako Ana Elizaldek hartu du hitza. Elizaldek, eskuineko hirukoaren koalizioaren jarrera defendatu du. Bere esanetan, euskararen alde egitea, ez du zertan elebitasuna sustatzea ekarri behar. Adierazpen horiek entzunda, Geroa Baiko Patxi Leuzak gogor erantzun dio Navarra Sumari. Euskara, begien aurrean ikusi ere ez dutela nahi esan dio.

Bozketarako ordua iritsi denean, PSNren jarrerak harritu ditu batzordekideak. Azken egunotan, euskararen normaltasunaren kontrako adierazpenak egin ditu alderdi sozialistak; baina, gaur, Maite Esporrinek euskara eta elebitasunaren aldeko adierazpenak egin ditu bere aldeko bozka argudiatzeko. PSNko zinegotziaren ustez, Navarra Sumak hiri paisaian euskara diskriminatzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!