Iruñeko Udalak bere kezka eta gaitzespena agertu du San Nikolas kaleko Castillo de Javier hotelean izan den sei urteko lan-esplotazio kasuaren aurrean. Presidentzia Batzordeak onartu du ebazpena, Navarra Sumaren abstentzioarekin,
EH Bilduk bultzatutako ekimena PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin onartu da. Eva Aranguren zinegotzi abertzaleak adierazi duenez, eskuineko hirukoaren abstentzioa "ostalariak UPNrekin dituen loturengatik izan da, eta hori oso larria da". Juan Carlos Cipres Nieves Cipresen anaia da, Iruñean UPNko zinegotzi izandakoa, baita PPko militante ohia ere, kanporatu zuten arte. Ondoren Derecha Navarra y Española sortu zuen, Voxen sartu zena.
Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Juan Carlos Cipres Aznarri, Iruñeko San Nikolas kaleko Castillo de Javier hotelaren jabeari, langileen eskubideen aurkako delitu bat egotzita, pisuko zerbitzari batek sei urtez jasan zuen lan-esplotazioagatik. Langileak astean ez zuen atsedenik eta ohe osagarri batean egiten zuen lo, garbiketa gelan.