Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Juan Carlos Cipres Aznarri, Iruñeko San Nikolas kaleko Castillo de Javier hotelaren jabeari, langileen eskubideen aurkako delitu bat egotzita, pisuko zerbitzari batek sei urtez jasan zuen lan-esplotazioagatik. Langileak astean ez zuen atsedenik eta ohe osagarri batean egiten zuen lo, garbiketa gelan.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epaia baieztatu du. Nieves Cipres Aznar UPNko Iruñeko zinegotzi ohiaren anaia da kondenatua, baita PPko militante ohia ere, kanporatu zuten arte. Derecha Navarra y Españolaren zerrendetan aurkeztu izan da Juan Carlos.
Akusatuak 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, nahiz eta erreklamazioa 24.000 eurokoa izan. Akusazio partikularrak 5,5 urte eskatzen zituen auzipetuarentzat, langileen eskubideen aurkako delitu batengatik, eta 21 hilabete, laneko jazarpen delitu batengatik.