"Koronabirusaren zabalkundea maila altuetan dago orain eta ez du ematen udara aurretik, inmunizazioa nahi bezain beste zabalduko denik" adierazi du Enrique Maya Iruñeko alkateak, "Horregatik, 2021eko Sanferminak ere bertan behera uztera behartuta gaude". Halaxe adostu dute Iruñeko Udaleko taldeek eta horrela helaraziko die ere Sanferminetako mahaian parte hartzen duten festa eragileei, ostegunean bertan eginen den bilera berezian.
Mezak eta zezenketak
Sanfermin festak bertan behera geratu diren arren, Enrique Maya alkateak bereari eutsi eta meza nagusiak ospatuko direla espero du. "Iaz egin bezala, bertan izanen naiz ni" iragarri du alkateak. Zezenketak ordea zailago ikusten ditu Mayak. "Nahiko nuke, bainan horrek jendea Iruñera etortzea erakar dezake eta hori sahiestu nahi dugu" azaldu du nahiz eta ez duen aukera hori erabat baztertu.
Programazio kulturala udan
Sanferminik ez, baina Iruñeko Udalak udarara begira programazio berezia prestatu nahi du, festetarako prest zuen aurrekontua baliatuz. "Datozen egunetan aurkeztuko dugu, bainan kontzertuak, kultur emankizunak, kirol jarduerak eta haurrendako programak izatea nahi dugu" azaldu du Mayak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!