Hamar langiletik ia bederatzi greba egiten ari dira gaur Iruñeko udal haur eskola euskaldunetan. LAB eta CCOO sindikatuek deitu dituzte langileak greba egitera, eta azaldu dutenez, udal haur eskola guztiak kontuan hartuz, %62koa izan da jarraipena.
Iruñeko Udal Haur Eskoletako Langile Batzordeek “lardaskeriatzat” jotzen dute Iruñeko Udalak egin nahi duen eredu aldaketa, arazo ugari ekarriko dituelako pedagogikoki zein antolamenduan, eta aldebakartasunez erabaki dutelako. Horregatik erabaki dute greba egitea, eta Nafarroako Gobernuari eskatuko diote ez dezala onartu berregituratze hori.
Grebak Iruñeko udaleko EH Bildu eta Geroa Bairen babesa jaso du. Joseba Asiron eta Maider Beloki EH Bilduko zinegotziak izan dira eguerdian egin duten manifestazioan.