11 urteko adingabe transexual bat erasotu dute Iruñerrian

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 12a, 09:33

Ekai gazte ondarrutar transexuala gogoratzeko Iruñean 2018an egindako ekitaldi bat.

11 urteko haur transexual bati eraso fisikoa egin zioten lau adingabek otsailaren 7an, Iruñerriko parke batean. Ospitalera lesioen parte bat eskatzera joan ostean, familiak salaketa bat jarri du, lesioen delituagatik, eta beste bat, gorrotoaren delituagatik, Foruzaingoaren aurrean.

Familiak, Naizen adin txikiko transexualen familien elkartearekin batera, gertaera horien berri eman du. Azaldu dutenez, erasoa jasan duen haurra, "kalera irten eta erasotzaileekin berriz topo egiteko beldur da". Foruzaingoaren aurrean aurkeztutako salaketaren arabera, lau adingabek, irainak egiten ari zirela, lurrera bota eta ostikoz jo zuten, lekuko batek erasoa gelditu zuen arte.

Naizen elkarteak "edonori egindako edozein eraso" gaitzetsi du, baina ohartarazi dute haien seme-alabek gainerakoek baino sarriago pairatzen dituztela irainak, “eurak direlako". Foruzaingoak lau adingabeetatik hiru identifikatu ditu dagoeneko.

Familiak, elkartearen babesarekin, gertakariaren berri eman nahi izan du, "transexualen aurkako gorroto mezuek sortzen ari diren benetako ondorioak agerian uzteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!