Euskal idazle gazteen lanak sustatzeko deialdia zabaldu du Liberoamerika argitaletxeak

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 12a, 13:57

Literatura "berritzailea" argitaratzeko asmoa dute Leire Alonso Allué, Iosune de Goñi eta Ane Garcia proiektuaren sustatzaileek.

Liberoamerika argitaletxeak, euskal idazle gazteen lanak sustatu eta zabaltzeko asmoz, deialdi berri bat ireki du.Euskaraz idatzitako literatur lanak bildu nahi dituzte, originalak eta aurretik argitaratu gabeak. Egile moduan 30 urtetik beherako pertsonek parte har dezakete, nahi duen literatur genero, gai eta estiloan. Argitu dutenez, dena den, "literatura berritzailea" argitaratzeko asmoa dute Leire Alonso Allué, Iosune de Goñi eta Ane Garcia literatura proiektuaren sustatzaileek: "Literatura tradizionalarekin apurtzen duten lanek lehentasuna izango dute: poema bildumak, narrazio laburrak, prosa poetikoa, egunerokoak, intertestuak, lan hibridoak, literatura esperimentala…". 

Aukeratutako lanak Liberoamerika argitaletxean argitaratuko dira eta  egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko zaizkio idazleari. Deialdian parte hartzeko oinarriak Liberoamerika argitaletxearen webgunean jaso dituzte.

Liberoamerika argitaletxeak Euskal Herriko 24 idazle gazteen testuak biltzen dituen "Izotzetan islatuak" antologia kaleratu zuen 2020an. Leire Alonso idazlearekin mintzatu zen Euskalerria irratia iazko irailean (entzun elkarrizketa hemen).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!