Abaurrearen aurkako delitu zantzuak antzeman ditu epaileak 2019ko txupinazoan izandako borrokan

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 18a, 07:40

EH Bilduko zinegotziaren dimisioa eskatu du Iruñeko alkate Enrique Maiak, eta ahozko epaiketa irekitzeko akusazio idatzia aukeztuko du. EH Bilduk, berriz, helegitea ezarriko dio autoari. Gaur baloratuko du alderdi abertzaleak epailearen erabakia.

Iruñeko Instrukzioko 5. epaitegiko titularrak delitu zantzuak ikusten ditu Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko EH Bilduko zinegotziaren aurka, 2019ko San Fermin jaietako txupinazoaren aurretik ikurrina balkoian erakusten saiatzeagatik izandako borrokagatik.

Epaileak aurretiazko eginbideak izapidetzen jarraitzea erabaki du, EH Bilduko zinegotziak izan zitzakeen erantzukizun penalak argitzeko prozedura laburtuaren izapideak direla eta.

Ildo horretan, hamar eguneko epea ematen die alderdiei ahozko epaiketa irekitzea eskatzeko, akusazio-idazkia aurkeztuz, auzia largetsiz edo, salbuespenez, akusazioa egiteko ezinbestekotzat jotzen dituzten eginbide osagarriak gauzatuz.

Autoaren berri izan ostean, Enrique Maia Iruñeko alkateak Abaurrearen dimisioa exijitu du, agintearen aurkako atentatuagatik inputatu dutelako. Horrez gain, iragarri du Iruñeko Udalak kaltetutako udaltzainen "defentsarako baliabide guztiak" jarriko dituela, eta akusazio idatzi bat aurkeztuko duela Abaurrearen aurkako ahozko epaiketa irekitzeko. Udaleko Aholkularitza Juridikoak ordezkatuko ditu Udaltzaingoko funtzionarioak.

Iruñeko EH Bilduk prentsaurrekoa eskainiko du gaur autoa baloratzeko. Autoaren aurkako helegiteak aurkeztuko dituela aurreratu du sare sozialetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!