Joxe Abaurrearen inputazioaren eta beste bi autoren aurkako helegitea jarriko du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 18a, 13:11
Joseba Asiron, gaurko agerraldian. Joxe Abaurrea eta Maider Belokirekin batera eman du balorazioa.

Koalizio abertzaleak ez du bat egiten epailearen erabakiarekin, ezta "kontakizunarekin" ere, eta Joxe Abaurrearen errugabetasuna "amaierara arte" defendatuko du. 

EH Bilduk atzo sare sozialen bitartez aurreratu bezala, helegitea aurkeztuko duela berretsi du gaur Joseba Asiron koalizioko udal bozeramaileak. Joxe Abaurrea eta Maider Beloki zinegotziak ondoan zituela eman du Asieronek autoaren balorazioa eta erabakiaren berri. 

Zehazki, Instrukzioko bosgarren Epaitegiako titularrak emandako lau autoetako hiruren aurkako helegitea aurkeztuko du: Joxe Abaurrearen izendapena ikertu gisa agintaritzaren aurkako atentatuagatik, Maider Belokik lesioengatik aurkeztutako salaketaren artxiboa, eta EH Bilduk Carmen Albaren aurka jarritako salaketaren artxiboa. 

Asironen esanetan, ez dute epailearen erabakiekin bat egiten, ezta kontakizunarekin ere, autoek gertatutakoa testuingurutik kanpo uzten dutelako, han Joxe Abaurrea bakarrik egon balitz bezala. 

EH Bilduren udal bozeramailearentzat, Enrique Maiak “tentsioa sortzeko asmoz eragindako liskar politikoa” izan zen gertatutakoa. Gogorarazi du, gainera, ikurrina erakustea debekatzeko oinarri izan zen Ikurren Legea iazko txupinazoa baino lehen indargabetu zutela.

Maiaren zilegitasuna, zalantzan

Enrique Maiak atzo egindako adierazpenei dagokienez, “onartezintzat” jo ditu, alkateak gertakariei etekin politikoa atera nahi izatea kritikatu du, eta zalantzan jarri du Mayak Abaurrearen dimisioa eskatzeko duen zilegitasuna, bera CANeko auzian dietak kobratzeagatik inputatua izan zenean ez zuelako  dimititu.

Gogorarazi du epaia ez dela irmoa, eta ziurtatu du Joxe Abaurrearen errugabetasuna “amaierara arte” defendatuko dutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!