Koronabirusaren egunerokoa

Iruñeko liburu dendak, ateak zabaltzeko bidea aztertzen

Katakrakeko Hedoi Etxarte eta Karrikiriko Jon Bujandarekin solastatu gara, ezagutzeko nola egokitu dituzten salmentak egoerara, eta nola egiten ari diren orain denda fisikoak irekitzeko prozesua. 

Katakraken ateak itxita dituzte, baina barruan lanean dira dagoeneko, Internet bidezko salmentetako bidalketak prestatzen. Datorren astean zabalduko dituzte ateak, eta hori nola egin aztertzen ari dira. Denda zabaltzeko gogoz da Etxarte: “Liburu denda fisiko batek zentzu handia dauka: algoritmoak hobetu daitezke baina inoiz ez dute edukiko denda fisikoen sorpresa kate efektu hori”.

Karrikirin, Internet bidez saltzen ari dira liburuak, eta pozik daude erantzunarekin. Haiek ere egoerari tenperatura hartzen ari dira, eta hartu beharreko neurriak aztertzen. Krisialdiak ekonomikoki egoera zailduko duen arren, komunitatearen babesarekin euskararen aldeko lanean jarraitu ahal izango dutela adierazi du Bujandak.