Maia alkateari marrazkiak bidaltzeko eskatu diete haurrei Pirritx, Porrotx eta Marimototsek

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 18a, 17:01

Iruñean "zentsura" jasan duten Olentzero eta Maridomingirekin eta Iñigo Santxo abokatuarekin batera prentsaurrekoa eskaini dute Katakraken pailazoek. Iruñean ikuskizuna eskainiko dutela hitzeman dute, "udalarekin edo gabe".

Abokatu bat bakarrik nahikoa ez dela sinetsita, Iruñerriko haurrei laguntza eskatu diete Pirritx, Porrotx eta Marimototsek auzia konpontzeko. Enrique Maia alkateari "opari bat" egitea nahi dute. Beraiena ekarri dute Katakrakera: "alaitasuna eta maitasunaren" kolore gorria, "koloretako Iruñea ikusteko" betaurrekoak eta Pupu eta Loreren marrazkiak. "Lagunei marrazkiak egindakoan adiskidetu egiten dira", azaldu du Pirritxek. Iruñerriko haurrei hori egitea eskatu dute: bidali diezaiotela alkateari marrazki koloredun bat. Ohartarazpen bat ere gehitu dute: "Aurten Iruñean izanen gara, udalarekin edo gabe, baina haurrei esker". 

Nafarroan Orreagatik Kortesera "euskara, alaitasuna eta balore hezitzaileak" zabaldu dituztela gogoratu du Porrotxek. Iruñean, baina, garai "ilunak" bizi izan direla salatu dute. Horren erakusle, Olentzero eta Maridomingi. "Gora Iruñari esker izan gara Iruñean, bazterrean daudenei esker". Azken lau urteetan Baluarten eskaini dute Iruñeko saioa, udalarekin kontratua sinatuz. "Aurten kontratu berdina sinatu dugu", zehaztu du Pirritxek.

Iñigo Santxo abokatuak auziaren nondik norakoak azaldu ditu. "Arbitraritate handia dago gai honetan. Eta arbitraritatea zer da? Zentsura", salatu du. Kontratuak beharrezko elementu guztiak dituela adierazi du: "Zuzena da". Kontratuaren berrikuspena egin du Iruñeko Udalak, eta "eten" egin du kontratua.  

Talde politikoekin hitz egin dute: "Navarra Sumarekin ez dugu lortu". Arartekoarengana ere jo dute, eta honek emanaldia egin dadila eskatu dio Maia alkateari. Udalaren aldetik erantzunik ez dute jaso. "Udala garaiz dabil etena kentzeko", uste du Santxok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!