Astelehenean hasiko dira Descalzos kaleko igogailuak konpontzen

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 5a, 13:54

Bi hilabeteko lana izango da, baina zerbitzua ez dute etengo.

 

Descalzos kaleko igogailuak berrituko ditu Iruñeko Udalak. Astelehenean hasiko dira konponketa lanak, igogailuak teknologikoki hobetzeko eta azkenaldian gero eta ohikoagoak diren matxurak ekiditeko. Bi hilabeteko lana izanen da, baina ez dute zerbitzua etengo.

Hamar urte dira martxa jarri zirenetik, eta azken lau urtetan hirukoiztu egin dira matxurak. Urtean 5,5 milioi lagunek erabiltzen dute igogailuetako bat.

Ekialdean kokatutako kabinan (eskuinekoa Arrotxapetik etorriz gero) hasiko dira lanena, eta gutxi gorabehera hilabete bat iraungo dute bertan egin beherreko berritze-lanek. Behin lan horiek amaituta, azaroan esku-hartze bera egingo da beste kabinan, antzeko epean. Aurreikusitakoaren arabera, lan horiek azaroaren 29rako amaituta egongo dira, San Saturnino egunerako, alegia.

Igogailuen eraberritze lanek bigarren fase bat izango dute, zeinean bi kabinetako ateak aldatuko dituzten; lan hau, ordea, otsailera arte atzeratuko da, azpiegitura funtzionamenduan egon dadin abendu osoan zehar, Eguberrietan eta urtarrilean. Ateak aldatzeko lanak egiten diren bitartean, ez dira esku-hartzeak bi kabinetan aldi berean egingo, orain egitekoak direnetan bezala, horrela erabiltzaileek gutxienez igogailu bat erabili ahalko dute joan-etorriak egiteko. Edonola ere, jarduketa horrek hiru egun besterik ez du iraungo igogailu bakoitzeko.

Lanek iraun bitarte, eta kabina bakar bat erabilgarri egoteak eragin ahal dituen eragozpenak aurreikusirik, igogailuen eremuan bertan eta bestelako euskarri batzuetan xehe-mehe emango da aditzera zein alternatiba dauden Arrotxapetik Alde Zaharrera joateko eta alderantziz. Azkartasun handiagoa nahi izanez gero, Iruñerriko hiri-garraioko 14. linea erabili ahalko da, edo, Trinitariosko disuasio-aparkalekutik etorriz gero, 3, 16, 17, 21 eta N4. lineak.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!