Descalzos kaleko igogailuak berrituko dituzte

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 19a, 15:14
Argazkia: Udal taldea igogailuetara egindako bisitan.

> Hirukoiztu egin dira matxurak azken lau urtetan.

> 5,5 milioi pertsonek erabiltzen dute igogailua urtean. 

> Bi hilabeteko lana izango da, baina zerbitzua ez dute etengo.

 

Descalzos kaleko igogailuak berrituko ditu Iruñeko Udalak datozen hilabeteotan. Igogailuak teknologikoki hobetzeko eta azkenaldian gero eta ohikoagoak diren matxurak ekiditeko egingo dira konponketa lanak. Hamar urte dira martxa jarri zirenetik, eta azken lau urtetan hirukoiztu egin dira matxurak. 

Urtean 5,5 milioi lagunek erabiltzen dute igogailuetako bat. Bi fasetan egingo dira berritze lanak, eta zerbitzua ez da etengo. Bi hilabete beharko dituzte, eta 174.418 euroko aurrekontua du proiektuak.  

Lanen hasiera, urriko lehen hamabostaldian

Aurreikusita dago berritze-lanak urriko lehen hamabostaldian hastea ekialdean kokatutako kabinan (eskuinekoa Arrotxapetik etorriz gero), eta gutxi gorabehera hilabete bat iraungo dute. Behin lan horiek amaituta, azaroan esku-hartze bera egingo da beste kabinan, antzeko epean. Aurreikusitakoaren arabera, lan horiek azaroaren 29rako amaituta egongo dira, San Saturnino egunerako, alegia.

Igogailuen eraberritze lanek bigarren fase bat izango dute, zeinean bi kabinetako ateak aldatuko baitira; lan hau, ordea, otsailera arte atzeratuko da, azpiegitura funtzionamenduan egon dadin abendu osoan zehar, Eguberrietan eta urtarrilean. Ateak aldatzeko lanak egiten diren bitartean, ez dira esku-hartzeak bi kabinetan aldi berean egingo, orain egitekoak direnetan bezala, horrela erabiltzaileek gutxienez igogailu bat erabili ahalko dute joan-etorriak egiteko. Edonola ere, jarduketa horrek hiru egun besterik ez du iraungo igogailu bakoitzeko.

Lanek iraun bitarte, eta kabina bakar bat erabilgarri egoteak eragin ahal dituen eragozpenak aurreikusirik, igogailuen eremuan bertan eta bestelako euskarri batzuetan xehe-mehe emango da aditzera zein alternatiba dauden Arrotxapetik Alde Zaharrera joateko eta alderantziz. Azkartasun handiagoa nahi izanez gero, Iruñerriko hiri-garraioko 14. linea erabili ahalko da, edo, Trinitariosko disuasio-aparkalekutik etorriz gero, 3, 16, 17, 21 eta N4. lineak

Zahartzeak eta teknologia-berrikuntza ezak eragin dute matxurek gora egitea

Igogailua 2008ko apirilean martxan jarri zenetik, nahitaezko prebentzio-lanak egin dira, eta beharrezko izan diren jarduketa zuzengarriak. Aitzitik, ez da ezein berrikuntza teknologiko nabarmenik egin, nahiz eta garrantziko garapenak egin diren prestazioa hobetu eta erabilera-segurtasuna handitzen dituzten erregulazio-, kontrol-, eta komunikazioa-sistemetan. Garapen horiek jarriko dira orain abian, hain zuzen.

Aipatu berrikuntza-eza, denboraren joana, erabilera handia (eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan), ekipamenduen zahartzea eta higadura eta ordezko zenbait piezaz hornitu zein erosteko arazoak direla medio matxura-kopuruak nabarmen egin du gora. Hori horrela, azken 5 urteetan, erabileraren ondorioz, eta kasu batzuetan bandalismoa tartean, matxura-abisuek % 300 baino gehiago egin dute gora. Aurten, abuztu amaieran, 108 gorabehera zenbatu ziren bi kabinetan; iaz 66 izan ziren; 2016an, 58; 2015ean, 41, eta 2014an 31 abisu besterik ez ziren kontatu. 304 abisu horietatik, 197 mendebaldeko igogailukoak dira (ezkerretakoa, Arrotxapetik igoz gero), eta 107, ekialdeko igogailukoak.

Estatistikek aditzera ematen dute gorabeheren erdia baino gehiago lotuta dagoela kabinan jarraibideak gaizki egiteari (% 50), % 20 ateen funtzionamenduari eta % 30 bandalismo-ekintzei. Baldintza hoberenetan igogailuei esker Arrotxapearen eta Alde Zaharraren arteko 30 metroko desnibela minutu bat baino gutxiagoan gainditu daiteke, 59,2 segundoan zehazki, eta horregatik bihurtu dira Iruñeko oinezkoen hiri-mugikortasunaren ardatz nagusietako bat. Kabinak edukiera handikoak dira: bidaia bakoitzean 20 lagunek erabil ditzakete, eta bizikleta zein haur-aulkitxoekin erabilgarriak dira.

Aldaketak komunikazio-sistematan, sistema elektriko-elektronikoan eta ateetan

Planteatutako berritze-lanek berekin dakarte kabinaren komunikazio-sistema aldatzea, erregulazioko eta kontroleko sistema elektriko-elektronikoak moldatzea eta ateak eraberritzea. Berritze-lanean beste alderdi batzuk ere aurreikusi dira: botoiak aldatzea, hala kabina-barrukoak nola kanpoan igogailuak deitzeko daudenak, eta posizioa eta norabidea adierazko gailu elektronikoak jartzea, LCD displaydunak. Halaber, zaldain-plataforma bat jartzea baloratzen ari da, igogailua ibilbidearen tarteren batean (ez sarbideetan) geldirik geldituz gero bide emango diena erabiltzaileei alboetako eskaileretara iristeko.

Aurrekontuko 174.418 euroetatik 94.268 euro ateen berritzeari dagozkio, 42.000 euro kabinaren komunikazio-sistemaren gastuari, eta 38.000, erregulazio eta kontroleko sistema elektriko-elektronikoari.

Bidaia eta bidaiarien zenbaketek aditzera ematen dute igogailu hauek urtean 5,5 milioi pertsona garraiatzen dituztela, eta aurten zifra horrek gora egitea aurreikusi da, Hiriko erdialdea atsegin egiteko planaren eraginez. 07:00etatik 22:00etara kabinek 40 bidaia egiten dituzte orduro, haien aukerak ahal beste ustiatuta, muga-mugan. Gainerako bederatzi orduetan, igogailuak 100 bidaia egiten ditu guztira egunero. Ordu guztietako bidaien kopuruak gehituta, igogailu bakoitzak 700 bidaia egiten ditu egunero. Gainera, une batzuetan hemen aipatutakoa baino erabilera handiagoa izaten da, sanferminetan kasu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!