Doako aparkalekuak eta auzotarrentzako eta langileentzako gordetako lekuak. Hori da Arrotxapean aparkatzeko arazoa konpontzeko auzoko biztanle gehienek nahiko luketen konponbidea. Auzotarren %87,1ek neurriak galdegin ditu; izan ere, %90,4k aparkatzeko arazoak dituela adierazi du. Arrotxapeko biztanleen %94,3k auzotar guztiei eragiten dien arazoa dela uste du.
Auzotarren artean galdeketa egin zuen Iruñeko Udalak ekainean, arazoaren nondik norakoak eta konponbideak ikertzeko asmoz. Atzo eman zituen jakitera datuak Mugikortasun Batzordean. 332 auzotarrek hartu dute parte telefono bidez egin zen galdeketan.
Iruñeko auzo zaharrenetako bat da Arrotxapea; hori dela eta, garaje gutxi daude auzoan. Galdetutakoen %42,2k ez du garagerik. Auzotarren %45,2k kalean aparkatzen du autoa, %35,2k garajean, eta gainerakoek batean edo bestean egiten dute.
Arazoari aurre egiteko konponbideren "oso beharrezkoa" dela uste du %43,7k, eta %43,3k "beharrezkoa" dela uste du. Aparkalekuak arautzea, hau da, zonalde urdina ezartzea izan daiteke konponbideetako bat. Galdetutakoen %58,5ek eragin positiboa izango lukeela uste du.