Udalak egitaua prest, Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara: hitzaldiak, musika, bertsolariak eta zinema-emanaldi bat

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 18a, 08:55

LGTBI bertso-saioa eginen dute 21ean, asteazkenarekin; 22an, dokumental proiekzioa; 23an, Chocolate Remixen kontzertua eta beste.

Iruñeko Udalak ekitaldi programa bat antolatu du ekainaren 28an ospatzen den Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, eta hilaren 19an hasiko dira jarduerak. Hitzaldiak, musika, bertso-saio bat, zinema-emanaldi bat eta hilaren 28an Udaletxe plazan 12:00etan egitekoa den ekitaldi instituzionala. Horra Udalaren proposamenak eskainiko duena. Xehetasun guztiak gaurko prentsaurrekoan eman dituzte Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok, berdintasuneko teknikari Vanesa Eguíluzek eta E28J plataformako kide Jorge Buldianek. Jarduera guztien sarrera librea da.

Lehenengo jarduera hitzaldi bat izango da, eta gainerako hitzaldiak bezala Calderería aretoan izango da, 19:00etan (Calderería k., 11). Demetrio Gómezek emango du hitzaldia ekainaren 19an, asteartearekin, 19:00etan, eta Intersekzionalitatea eta LGTBI aktibismoa izango ditu hizpide. Hurrengo egunean, LGTBI bertso-saioa egingo da, Irati Majuelo, Saioa Alkaiza, Amaia Agirre, Maider Arregi eta Ainhoa Aranbururekin. 19:30ean izango da, Erraldoien txokoan (Descalzos kalea, 72).

Jarduerak ekainaren 30era bitarte

Programarekin jarraituta, ekainaren 22an, ostiralarekin, EnFemme dokumentala proiektatuko da Iturramako Civivoxean, 19:00etan, eta ondoren solasaldia egingo da Alba Barbé zuzendariarekin. Ekainaren 23an, larunbatarekin, musika izango da nagusi: Chocolate Remix taldeak kontzertua emango du, eta DJ saio bat egongo da, San Jose plazan, 18:00etatik aurrera. Hilaren 25ean, astelehenarekin, Daniel Ahmed Queer erresistentzia musulmanak: homonazionalismoari erronka izenburuko hitzaldia emango du, eta asteazkenean, hilak 27, Dauderren eskutik etorriko da hirugarren hitzaldia, Sexu/genero dualismoen indarkeriak eta horien erresistentziak.

Ekainaren 28an bertan, bi deialdi programatu dira. Iruñeko Udalaren ekitaldi instituzionala Udaletxe plazan izango da 12:00etan, eta E28J plataformaren manifestazioa 20:00etan abiatuko da autobus geltoki zaharretik.

Programazioaren azken txanpan, Harrotu zentroaren urteurrena ospatuko da ekainaren 29an, ostiralarekin, eta azkenik, ekainaren 30ean, 10:30ean, Iturramako Civivoxean, lantegi bat egingo da, nor bere burua ezagutzeko bidaia egiteko proposamen bat, Behatu, ezagutu, zaindu izenburupean. Izen-ematea lgtbi@pamplona.es helbidean edo 948226326 telefonoan egin daiteke.

Udalaren konpromisoa Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin

Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Eguna –lehen LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izenaz ezaguna (hots, lesbiana, gay, bisexual, intersexual, queer eta beste sexualitate ez-heteronormatibo batzuetako pertsonen harrotasunarena)– ekainaren 28an ospatzen da, gogora ekartzeko Stonewallen izandako istiluak (New York, 1969), orduan hasi baitzen homosexualen askapenerako mugimendua. Programa honen bidez Udalak publikoki aldarrikatu nahi ditu afektibitate- zein sexu-aniztasuna eta genero-identitatea, Iruñeko pertsona guztien eskubideak bultzatzeko, sexu-askatasuna, sexu-identitatea eta desioaren orientazioari dagokienez. Halaber, jarduera hauek antolatzearekin batera defendatzen da pertsona guztiek izan nahi duten hori izateko eta nahi duten moduan izateko askatasuna dutela, identitatearen adierazpena eraikuntza dela ulertuta, eta faktore ugariren arabera, eta denboran zehar, aldatu daitekeela. Aniztasuna ikusarazteko modu bat da, edonork nahi duen pertsonekin eta nahi duen moduan harremanak izateko askatasuna defendatzekoa, harreman eta familia egitura oro aitortzearen alde egitekoa, eta plazer sexuala osasun-iturri gisa aldarrikatzekoa, baita plazer sexuala gozatzeko eskubidea aldarrikatzekoa ere, muga bakar gisa norbere desioa hartuta, eta plazer hori konpartitzen den pertsonekiko errespetua.

Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak hilaren 11n onartu zuen adierazpen instituzionala Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara. Testua udal-talde politiko guztiek izenpetu dute, eta Udalaren konpromisoa jasotzen du erakunde eredugarria izateko eskubide-berdintasunaren aldeko borrokan eta sexu-orientazioak, sexu-identitateak, genero-identitateak eta genero-adierazpenak eragindako bazterkeria-eza lortzeko.

Jarduera-programa, ekainaren 28an ospatzen den Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara

  • Hitzaldia. Intersekzionalitatea eta LGTBI aktibismoa

Demetrio Gómez.
Ekainak 19. 19:00. Calderería aretoa (Calderería k., 11)

  • LGTBI Bertso Saioa

Irati Majuelo, Saioa Alkaiza, Amaia Agirre, Maider Arregi eta Ainhoa Aranburu
Ekainak 20. 19:30. Erraldoien Txokoa (Descalzos k., 72)

  • EnFemme dokumentala

Solasaldia Alba Barbé zuzendariarekin
Ekainak 22. 19:00. Iturramako Civivoxa

  • Kontzertu-arratsaldea

Chocolate Remix
DJ saioa
Ekainak 23. 18:00. San Jose plaza.

  • Hitzaldia. Queer erresistentzia musulmanak: homonazionalismoari erronka

Daniel Ahmed
Ekainak 25. 19:00. Calderería aretoa (Calderería k., 11)

  • Hitzaldia. Sexu/genero dualismoen indarkeriak eta horien erresistentziak

Dauder
Ekainak 27. 19:30. Calderería aretoa (Calderería k., 11)

  • Ekitaldi instituzionala

Ekainak 28. 12:00. Udaletxe plaza

  • E28J plataformaren manifestazioa

Ekainak 28. 20:00. Autobus-geltoki zaharretik

  • Harroturen urteurrena

Ekainak 29

  • Lantegia. Behatu, ezagutu, zaindu. Nor bere burua ezagutzeko bidaia bat

Ekainak 30. 10:30. Iturramako Civivoxa. Izen-ematea lgtbi@pamplona.es helbidean edo 948226326 telefonoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!