Estalitako jolastokia eskatu du San Frantzisko eskolak parlamentuan

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 20a, 09:32

Nafarroako Parlamentura eraman du aldarri historikoa, haurrek ez baitute "jolaserako espazio librerik" ezta hezkuntza fisikoa egiteko ere. 400 bat ikasle ditu eskolak.

Aspaldiko aldarria da: estalitako jolastokia behar dute Alde Zaharreko San Frantzisko eskolan. Euria egiten duenean, eskola barruan egon behar dute ikasleek eta ia 400 dira. Horregatik, parlamenturaino eraman du kexa eskolako zuzendaritzak: "jolaserako espazio librerik" ezta hezkuntza fisikoa egiteko espaziorik ere ez dutela salatu dute. Iruñerrian, 22'37 metro koadro dauzka ikasle bakoitzak jolaserako, batez beste; San Frantziskon, 2'88.

Konpromiso irmoen zain

Nekane Lasa zuzendaritza taldeko ordezkariak "konpromisoa" eskatu dio, hori dela medio, Nafarroako Gobernuari eta "bi fasetan garatu daitekeen proiektua" galdegin. Hala, orain gune bat izanen lukete eta beste bat aurrerago. Halaber, eskola "ilusionatuta" dagoela esan du, beharra badela. Alderdi guztiek estalitako jolastokiaren alde egin eta babesa azaldu diote. 2018ko aurrekontuan diru esleipena egotea eskatu dute askok eta askok.

2015eko martxoaren 3an onartu zuen Nafarroako Parlamentuak estalitako jolastokia egiteko eskaria, gobernuak eta Iruñeko Udalak elkarlanean eraiki dezaten, baina, nolanahi ere, proeiktua ez dago martxan. 

Ikasleak, mobilizatuta

Orain arte hainbat mobilizazio egin dituzte San Frantzisko eskolan, esaterako, aurtengo ekainean, guardasolak hartuta jende-katea egin zuten ikasle eta gurasoek Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxetik udaletxeko plazaraino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!