Hiru hilabete, San Frantzisko ikastetxeko jolastokiaren arazoa bideratzeko

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 6a, 12:34

Epe hori finkatu dio Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari.

Hiru hilabete. Epe hori eman dio Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari behingoan San Frantzisko ikastetxeko jolastokiaren arazoa konpontzen hasteko. Legebiltzarreko Hezkuntza Departamentuak aho batez onartu duen ebazpenaren arabera, egitasmo "balioaniztuna eta berritzailea" egin beharko du Jose Iribasen departamentuak, ikastetxeko hezkuntza komunitatearekin eta Iruñeko Udalarekin lankidetzan. Estalkidun jolastokiarekin ikasleek jostatzeko toki gehiago izanen dute, eta toki zabalagoa Gorputz Heziketako eskoletarako.  

Ebazpenaren bigarren puntuan behin-behineko soluzio bat ere eskatu dio Parlamentuak Nafarroako Gobernuari; jar dezala karpa bat edo nolabaiteko estalki bat, gutxienez jolastokiaren erdia estaltzeko. Puntu honetan abstenitu egin da UPN.

Jolastokia aire zabalean

San Frantzisko ikastetxea eta Hegoalde Ikastola dira gaur egun jolastoki estalirik ez duten Iruñeko ikastetxe publiko bakarrak. Horrek eragin zuzena du, noski, ikastetxearen egunerokoan: eguzki ala euri, haurrak aire zabalean dagoen jolastokian, Gorputz Heziketako eskolak ongi prestatuak ez dauden tokietan egin beharra, legeak ezarriak dituen gehienezko mugak gainditzen dituen zarata maila, eguraldiaren arabera antolatu beharra jolasorduak, eskolaz kanpoko jarduerak eta ospakizunak.

Aspaldiko eskaera

2003-2004 ikasturtetik Eskola Kontseiluak urtero jaso izan du bere bilera aktan jolastoki estaliaren eskaera, baina erantzunik ez du jaso orain arte, ez Iruñeko Udaletik ez Nafarroako Gobernutik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!