Indarkeria sexista onartuko ez duela esan du Iruñeak

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 8a, 09:49

Argazkia: Jendetza bildu da Iruñeko udal plazan eraso sexisten aurka. / ekinklik.org

Eraso sexistarik ez, erasotzaileak kanpora lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñeko udal plazan, mugimendu feministak deituta. Osteguneko erasoa gaitzetsi dute.

Eraso sexistarik ez, erasotzaileak kanpora zion pankarta lehen lerroan egonik, leporaino bete zuten atzo herritarrek Iruñeko udal plaza, indarkeria matxistarik onartuko ez dutela adierazteko.

Parrandan segitu zuten

Ostegunean, bost gizonezkok emakume bat bortxatu egin zuten, atari batean indarrez sartu ostean. Gaueko 04:30ean jazo zen erasoa; erasotzaileak, aldiz, entzierroaren ostean atxilotu zituzten, gau osoa pasa baitzuten parrandan, neska bortxatu ostean.

19 urte dauzka erasotutakoak, eta ospitalean artatu behar izan dute. Neskak emandako deskribapenari esker hartu ditu Poliziak atxilo bost erasotzaileak. Gainera, auzia gehiago ikertzen ari dela jakinarazi du.

Instituzioak ere eraso sexisten kontra

Herritarrek ez ezik, gaitzespen irmoa adierazi dute instituzioek. "Erabateko arbuioa" agertu du Iruñeko udalak; halaber, ardura "gizarte guztiarena" dela esan du. Hala, "erasotzaileak babesten eta emakumeak errudun bihurtzen dituen eredu kulturala" aldatzeko beharra dago, haren aburuz. Ildo beretik, "askatasunez, berdintasunez eta segurtasunez" pertsona guztiek gozatzeko eskubidea dutela gogorarazi du.

Nafarroako Gobernuak, aldiz, eraso sexistak "desagerrarazteko" eta "emakumeen segurtasuna hobetzeko konpromisoa" hartu du.

Mugimendu feminista "irmo" mintzatu da: "Ausartak izateaz nazkatuta gaude, askeak izan nahi dugu".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!