Euskarari dagokionez "urrats ausartak" egiteko eskatu dio UEMAk Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 23a, 14:07
Argazkia: UEMAko ordezkariek egindako agerraldia.

'Aldaketaren gobernuak' egindakoa ontzat jo badu ere, "konpondu gabeko hizkuntza aferak" daudela salatu du: esaterako, Lan Eskaintza Publikoetan, euskararen tokia.

«Eskertzeko da orain arte izandako elkarlana, baina, urte bat pasata, urrats esanguratsuagoak emateko garaia ere bada. Hizkuntza eskubideez ari gara», adierazi du  Eneka Maiz UEMAko presidenteak, exekutiboari zuzenduz.

"Aldaketa" sumatu sumatu egin dela uste duen arren, "euskararen gaia eta euskararen arnasguneen beharrak" jasotzeko galdegin dio.

Nolanahi ere, badaude alor positiboak ere: UPNren garaian "inongo harremanik" ez zuten UEMAk eta Nafarroako Gobernuak; orain, aldiz, badute. Otsailean egin zuten bi aldeko lehen bilera eta konpromiso gutxi batzuk hartu zituen gobernuak: hala nola, arnasguneei buruzko tailerrean lan egitea Hezkuntza Departamentuak eta euskara sustatzeko UEMAren politikak aintzat hartzea.

Badira, talka eragin duten gaiak, ordea: zonalde euskaldunetako liburuzainei euskara ez exijitzea eta osasungintzan hamabi lanpostu elebidun baino ez jartzea, adibidez.

Baztango Euskara Plana ere izan du gogoan, epaileak baliogabetu egin baitzuen. Orain Nafarroako Kontzejuen eta Udalerrien Federazioarekin bat ari da lanean UEMA, Udal Lege berri bat bermatuko duen Udal Mapa osatzeko xedez.

Gaur egun, Nafarroako mahiru udalerri dira UEMAko kide: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun eta Leitza.

UEMAren webgunean jaso daiteke informazio gehiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!